Kaixo, Rakel dut izena eta Gamiz-Fikan bizi naiz. Artilea botatzen eta zaborretan pilatzen zela jakin nuenean, hura lantzen hasi nintzen, pixkanaka ikasiz, informazioa bilatuz eta beste artilearen artisau batzuen laguntzarekin.
Artileak garrantzi handia izan du Euskal Herriko ekonomian. Lehengai horrekin egin izan dira denbora luzez eguneroko hainbat gauza: Koltxoiak, burukoak, arropa, tapakiak, alfonbrak...
Gaur egun ordea, material berriek ordezkatu dute, petroliotik eratorritakoak eta globalizazioak emandakoak, eta horrek ingurumen-hondamendiak eragiten ditu, garraioaren, baliabide naturalen eta giza baliabideen gehiegizko esplotazioaren ondorioz. Material modernoak, ikusgarriak eta merkeak dira, baina gure osasunarentzat, ingurumenarentzat eta gure etorkizunarentzat kaltegarriak aldi berean.
Material sintetiko berriak edo latxa baino leunagoak diren artile batzuk direla eta, gure artzainentzat arazo bihurtu da artilea, zabortegietan edo erreta amaitzen du, ingurumen-arazo handia sortuaz.
Nire interesa zera da, irizpide jasangarrietan oinarrituta ustiatzen diren bertako ardi-arrazen artilearen erabilera berreskuratzea eta sustatzea. Era berean, produktuak material natural eta osasuntsuago batekin egin daitezkeela erakustea eta kontzientzia sortzea, gainera ingurumenerako kaltea saihestuz.