ONGI ETORRI!
Rakel naiz, familiarekin bizi naiz naturaz inguratutako paraje batean, Gamiz-Fikan. Ama Lurrari eta artisautzari diedan maitasunak bultzatuta hasi nintzen artilea lantzen.
Artileak garrantzi handia izan du Euskal Herriko ekonomian. Lehengai horrekin egin izan dira denbora luzez eguneroko hainbat gauza: Koltxoiak, burukoak, arropa, tapakiak, alfonbrak...
Gaur egun baina, material berriek aurrea hartu diote, gehienak petroliotik eratorriak. Globalizazioak erraztutako material moderno eta merkeak, gure betiko lehengaiak zokoratu dutenak.
Material moderno eta ikusgarriak bai, baina osasuntsuak? Gero eta zalantza handiagoak sortzen ari dira material berri horien osasungarritasunaren inguruan, eta zer esanik ez, ingurumenean duten eragin negatibo gero eta nabarmenagoan.
Bestalde, material sintetiko berrien ondorioz gure artileak zabortegian edo erreta amaitzen du eta ingurumenarentzako arazo handia bihurtzen ari da ere.
Hori dela eta, inguruko artilea ahal bezain beste aprobetxatzea dut helburu, tratatzen zailak diren hondakin horiek murriztuz.
Material natural eta biodegradagarriekin produktu jasangarriak egin daitezke, lurrean, airean, itsasoan zein gure janarian amaitzen duten material plastiko edo sintetikorik erabili beharrik gabe.
Inguruko artileaz gain, ahal dudan guztia berrerabiltzen saiatzen naiz.
Ama Lurra maite eta errespetatzen dut eta nire inguruan sentimendu hori zabaldu nahi dut.
Ama Lurraren baliabideak ez dira amaigabeak eta gure beharrak mugatu behar ditugu. Lurraren erraiak hustu eta gainazala kutsatzen jarraituz gero, zer etorkizun utziko diegu gure ondorengoei?
Artilea mundura